Sakanako Dantzaleku klubeko atletismo eskolak zazpi domina ekarri zituen Monrealeko Xtreme Higa lasterketatik.  Igandean, mendiko lasterketen Nafarroako Kirol Jokoen finala egin zen bertan, Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak antolatuta, mendia belaunaldi berriei modu ludiko eta seguruan hurbiltzeko asmoz. 

“Iaz mendiko lasterketetan parte hartzen hastea eskaini ziguten eta 10 neska-mutil animatu ziren. Oso gustura egon ginen eta aurten 12 lagunek parte hartu dute», gogorarazi du Aitor Mendoza Dantzaleku Sakanako atletismo eskolako entrenatzaileak, eta nabarmendu du » ikusteko modukoak dira gazteen artean sortzen diren giroa eta laguntasuna”

Agoitzen eta Etxarrin jokatutako probetan postu onean sailkatu ondoren, gogotsu eta animo handiz joan ziren Monrealera. Gazteen mailan urrezko bi domina lortu zituzten, bata Altsasuko Maddi Lizarragak eta bestea Urdiaingo Javier Larreak. Lakuntzako Kimetz Arregik zilarrezko domina eskuratu zuen. Kadeteetan, Irurtzungo Victor Fernandez sailkatu zen bigarren eta Etxarriko Jon Orella hirugarren. Haurren mailan ere zilarrezko eta urrezko dominak lortu genituen, Arbizuko Aratz Mendozak eta Altsasuko Ekhi Guiradok, hurrenez hurren. Meritu berezia du Aratz Mendozak,  1 motako diabetesa diagnostikatuta baitu.

70 gazte inguru Dantzaleku Sakanako eskolan trebatzen ari dira, emaitza onekin, krosean batez ere.